Amnistiaren Aldeko Mugimenduak GKSren kanpainarekin bat egiten du


Salbuespen Egoera, errepresio poliziala eta erasoaldi kapitalista Al, 2020/03/30 - 16:18 argitaratua

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak bat egiten du Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) Salbuespen Egoeraren aurrean martxan jarritako kanpainarekin (ikusi hemen).

Osasun egoera larriaz gain, koronabirusa aitzakia ezin hobea bihurtu da eskubide sozial eta politiko guztiak bertan behera uzteko. Honi lotuta, Polizia-Gorputz ezberdinak Euskal Herri osoan zehar burutzen ari diren errepresio bortitzak agerian uzten du burgesia agertoki berrirako prestatzen ari dela, eta langileria babestetik urrun, hau jipoitzea dutela zeregin nagusia. Gainera, langileriaren sektore koldarrenek amua irentsi eta salatari lanetan dabiltza.

Ezin ahaztu espainiar eta frantziar armadek Euskal Herriaren okupazioan eta zatiketan duten eragin erabatekoa. Frantzia zein Espainiako Gobernuak etengabeko erreferentzia militarrak erabiltzen ari dira, eta horrek ez dauka zerikusirik osasunarekin, baizik eta errepresioa eta zapalkuntzarekin. Desagertzera kondenatu duten herria da gurea. Ez dezagun kondena hau onartu.

Langileria da nagusiki osasun larrialdi honen ondorioak pairatzen dituena, batetik enpresariek, beti bezala etekin ekonomikoak jarri dituztelako langileen eskubideen gainetik, eta bestetik, agerian gelditu den bezala, kapitalismoan ezinezkoa delako jendea lehenesten duen osasun-sistema bat edukitzea. Koronabirusaren inguruko egia osoa jakitea galdegiten dugu.

Era berean, ezkutuan gelditzen ari da sektore pobreenak behar oinarrizkoenak, hala nola elikadura, etxebizitza eta abar, asetzeko sufritzen ari diren ezintasuna. Sozialismoa ala basakeria.

Egoeraren gordintasuna espetxeetan, deportazioan eta erbestean izugarri areagotzen da. Gure elkartasuna eta errepresaliatu politiko guztientzako amnistia osoaren aldarrikapena, eta preso sozialentzako indultu zabal baten onarpena.

Konfinamendua bukatu eta gero Salbuespen Egoerak martxan jarraituko duela pentsatzeko sobera arrazoi ditugu. Sistema kapitalista aspaldi dago hilzorian, baina gainontzekoak berarekin batera hiltzeko prest dago. Datorrenaren aurrean, gure mugimenduak antolakuntza eta borrokarako deia egiten du. Independentzia, sozialismoa eta amnistia!

Euskal Herria, 2020ko martxoaren 30a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.