Amnistiaren aldeko manifestazioa egin dute larunbat honetan Durangon


"Borrokatzea zilegi delako, amnistia osoa!" lelopean (Agiria eta argazkiak) La, 2019/12/07 - 16:18 argitaratua

Borrokatzen duen herria ez da hiltzen baldin eta borroka hori benetakoa bada. Borroka egiten du bere eskubideen jabe izan nahi duen langileriak. Egia da borroka gogorra dela, onuragarria eta gozagarria bezain beste.

Borroka egiteagatik milaka preso, deportatu, errefuxiatu, torturatu, bahitu eta eraildako militante politiko ezagutu ditu gure herriak. Zapaltzailearen biolentziak ez dauka errukirik bere diktaduraren aurrean matxinatzen denarekin. Baina borrokarik gabe ez dago askatasunik, borrokarik gabe ez dago lorpenik, borrokarik gabe ez dago Euskal Herririk, borrokarik gabe ez dago eskubiderik.

Oraindik baditugu deportatuak, errefuxiatuak eta 30 urte baino gehiagoko kartzela zigorrak egiteke dituzten preso politikoak. Horrela da beraiek dena eman zutelako gu guztion alde etsaiaren aurka borrokatuz, baina baita garaipenik ez dugulako lortu ere. Eta egoerari buelta eman ezean jarraituko dute kartzelak militante politikoz betetzen kasurik onenean borroka egitera kondenatuta egoteagatik, eta esklaboak sortzen hizkuntzarik gabeko herri desagertuan kasurik txarrenean, baldin eta amore ematen badugu.

Plataforma eta alderdi faxista ezberdinetako ordezkariak etortzen ari dira Euskal Herrira egun batean bai eta hurrengoan ere. Torturatzaile bat etortzekoa zen aurrekoa astean hitzaldi bate ematera, nahiz eta gure mugimenduak antolatutako kontzentrazioak saihestu zuen. G7a ekarri ziguten Miarritzera, eta Eurokoparekin batera Espainiako Selekzioa, bere zalego faxista eta Poloniako naziak ekarriko dizkigute.

Umiliatuta, etsita, garaituta eta beldurtuta nahi gaituzten honetan, inoiz baino beharrezkoagoa da borrokaren zilegitasuna defendatzea. Inoiz baino premia handiagoa dugu amnistiaren aldarrikapena sozializatzeko. Amnistiaren defentsa zapalkuntzaren gaitzespena delako, amnistiaren aldarrikapena injustiziari aurre egiteko deia delako, amnistiaren bitartez iraganeko borrokalarien memoria eta duintasuna defendatzearekin batera etorkizuneko borrokalariei ateak zabaltzen ari gatzaizkielako.

Garai zailak bizi ditugu, baina esperantzarako tarterik ere badago. Herri mugimendua esnatzen ari da eta berarekin batera borroka adierazpen ezberdinak sortzen ari dira. Guztioi dagokigu egoera berri honetan aurrera egiteko beharrezkoak diren hausnarketak egitea. Guztioi dagokigu borroka eraginkorrak bultzatzeko antolatzeko modurik egokienak bilatzea. Borroka zilegi delako, amnistia osoa!

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.

Beste argazki bat

Azaleko argazki berbera