Amnistiaren aldeko manifestazioa egin dute Bilbon


Agiria eta argazkiak La, 2017/11/18 - 20:14 argitaratua

Hasteko, jakin berri dugun albistea helarazi nahi dizuegu: Javier Perez de Nanclares euskal errefuxiatu politikoa Mexikon hil da gaur. Euskal Herrira itzuli ahal izan gabe hil da militante politiko hau. Gure doluminak familiari. Agur eta ohore Javier!

Klandestinitatean, deportazioan, kartzelan eta azkenik etxean preso. Horrela pasatu du Belenek bere bizitzaren zatirik handiena, askatasunaren aldeko borrokara entregatuta. Herenegun izan genuen bere heriotzaren berri, azken hatsera arte preso eduki dute belauniko jarriko zutelakoan, baina azken hatsera arte mantendu da etsaiaren aurrean zutik eta tinko. Agur eta ohore Belen!

Belenen heriotzak, Kepa del Hoyo eta gero preso politiko baten aurtengo bigarrenak, halabeharrez bultzatzen gaitu gainontzeko preso erien egoerari so egitera. Estatuek bahituta mantentzen dituzten horiek akabatzeko saiakera garbian diraute eta horren adibide gordina dugu Ibon Iparragirrerengan. Bere gorputza ia defentsarik gabe dago, edozein momentutan hil daiteke, eta hala ere epaile faxista batek preso mantentzen jarraitzen du.

Alabaina, krudelkeria honen atzean dagoena ez da mendeku gose soila, sarritan era okerrean esaten den moduan, baizik eta herri oso bat ikaratzeko eta preso politikoen damutzea lortzeko nahia. Helburu politikoak lortzeko indarkeriarik maquiavelikoena da, gaixotasunari etekina ateratzea bilatzen duena xantaia egiteko asmoz. “Damutu zaitez ala hil!”, hori da preso gaixoei mahai gainean jartzen ari zaizkiena, uztailean Aitzol Gogorzak salatu bezala. Bilatutako damutze hauen bitartez Estatuak garaiezinak direla erakutsi nahiko lukete. Borroka egitea merezi ez duenaren mezua helarazi nahi digute.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak, ordea, borrokarako deia egin nahi du beste behin ere. Kasu hauen aurrean ez da nahikoa gizartearen ulerkortasun humanoa bilatzea, baizik eta erosotasun burgesetik atera behar dugula herria. Kaleak borbor jarri beharra dugu militante politiko hauek etxera bizirik bueltatzea nahi badugu. Antolakuntza, erabakigarritasuna eta borroka izango dira kartzeletako giltza.

Era berean, Catalunyako egoerak erakusten digu ez dela egia bide baketsuen bitartez edozein proiektua dela egingarria, gezur hori Euskal Herrian urtetan zehar errepikatzen egon badira ere. Logika berberari jarraiki, baiezta dezakegu euskal borrokalariei ez dietela errepresioa aplikatu momentu jakin batean biolentzia erabili zutelako, hain zuzen ere Estatu inperialisten biolentziari aurre egin ziotelako baizik.

Omnium, ANC eta Catalunyako Gobernuko kideen kartzelaratzearekin asko dira Espainiako Estatuak “orain” preso politikoak dituela esan dutenak, nahiz eta “orain” arte preso politikoen existentziaren aurrean beste alde batera begiratu duten. Haiei ere zuzendu nahi gatzaizkie esateko azken 80 urteetan ez dela egon Espainiako Estatuan preso politikorik gabeko egun bakar bat ere, eta denon arazoa dela amnistia osoaren gauzapena.

Euskal preso politikoak, iheslariak eta deportatuak errepresioa pairatzen ari dira, zehazki, gaurkoan faxistak direla inork gutxik zalantzan jartzen duen Estatu zapaltzaile horiei aurre egiteagatik. Bitarteko, ikuspuntu eta helburu desberdinekin, baina preso politiko berriek borrokatutako minimo demokratiko berberen alde.

Esandakoagatik, inoiz baino beharrezkoagoa da amnistiaren aldeko borroka sustatzea eta indartzea. Inoiz baino argiago gelditzen da askatasunaren aldeko borrokak dirauen bitartean, etsaiak preso politiko berriak sortzen jarraituko duela, eta kartzelak husteko bi modu baino ez daudela: irabaztea ala amore ematea.

Gaurko borroka biharko garaipena izango delako, jota ke irabazi arte!

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.

amnistia

amnistia

amnistia

amnistia

amnistia