Amnistiaren aldeko manifestazio nazionala eta Ibonen aldeko martxa deitu dituzte prentsaurrekoan


Martxa azaroaren 11n izango da eta manifestazioa azaroaren 18an La, 2017/10/28 - 13:35 argitaratua

Azken egunotan Ibon Iparragirreren osasunaren inguruko albistea jaso dugu. Bere gorputzak ez dauka defentsarik eta edozein momentutan hil daiteke. Garaian, bere gaixotasuna dela eta, zigorra etxean betetzea onartu zioten, baina beranduago baimen hori bertan behera utzi eta berriro kartzelaratu zuten.

Era berean, ostegunean jakin genuen bihotzekoak jo zuela Mikel Otegi kartzelak inposatzen dizkion bizi baldintza kaxkarren eta osasun asistentzia ezaren ondorioz, hain zuzen ere uztailean Kepa del Hoyo erail zuten elementu berberek. Bitartean, kalean bai baina etxera itzuli ezinik jarraitzen duen Oier Gomez, Ewing sarkoma ari da pairatzen ezarritako konfinamenduan, eta Aitzol Gogorza, Txus Martin eta gainontzeko preso politiko erien bizitzak espetxean itzaltzen doaz.

Krudelkeria honen atzean dagoena, ordea, ez da mendeku gose soila, herri oso bat ikaratzeko nahia eta batez ere preso politikoen damutzea lortzeko saiakera baizik. “Damutu zaitez ala hil”, hori da preso gaixoei mahai gainean jartzen ari zaizkiena, damutze honen bitartez Estatuak garaiezinak direla erakutsi nahian.

Honakoagatik eta alarma guztiak piztuta daudelako, azaroaren 11rako Ibon eta baita preso gaixoa den Manu Azkarate ere dauden Alcala-Meco espetxera martxa antolatu dugu, bere askatasuna eta gainontzeko preso politiko erien askatasuna galdegiteko.

Euskal preso politikoak gure herriak Espainiako eta Frantziako Estatuekin mantentzen duen gatazkaren ondoriozko errepresioaren emaitza mingarrienetakoa dira, iheslari, deportatu eta borroka egiten bizitza galdu duten edo lapurtu dieten militanteekin batera. Errepresioaren emaitza baldin badira, zalantzarik gabe baiezta dezakegu borrokaren ondorio ere badirela, Estatuen errepresioa hauek topatzen duten erresistentziarekiko proportzionala baita, eta hala izaten da alde bietako batek, konfrontazioak eragiten dizkion kostuen ondorioz, hainbat jarreretan ala guztietan amore ematen duen arte.

Hau horrela izanda eta oraindik ehunka euskal errepresaliatu politiko ditugula ikusirik, ez dago zalantzarik zor dieguna borrokan jarraitzea dela haien askatasuna eta gure herriarena lortzen dugun arte, independentzia, sozialismoa eta amnistiaren gauzapenera arte. Are gehiago, Estatuek bahituta mantentzen dituzten horiek akabatzeko saiakera gordinak dirauenean.

Azaldutako guztiagatik, inoiz baino beharrezkoagoa da amnistiaren aldeko borroka sustatzea eta indartzea. Inoiz baino argiago gelditzen da askatasunaren aldeko borrokak dirauen bitartean etsaiak preso politiko berriak eragiten jarraituko duela eta kartzelak husteko bi modu besterik ez daudela: irabaztea ala amore ematea.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak udazkenero egiten duen amnistiaren aldeko manifestazio nazionalean parte hartzeko deia egin nahi du, azaroaren 18an Bilboko Jesusen Bihotzetik 18:00etan abiatuko dena. Antolakuntzaz eta borrokaz, amnistia!

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.