Altsasukoen atxiloketen aurrean

Ar, 2018/06/05 - 16:39 argitaratua

Lau altsasuarren atxiloketen aurrean, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak elkartasuna adierazi nahi die beraiei zein bere senideei ere. Era berean, gazte hauen eta dagoeneko kartzelan daudenen askatasuna galdegiten du eta indar okupatzaileak Euskal Herritik behingoz joan daitezen lanean jarraitzeko daukan konpromisoa berretsi nahi du.

Ekainaren 1ean, sententzia kaleratu zuten egunean, salatu genuen Altsasuko auziaren atzean zegoena Estatu espainolak Euskal Herrian indarrean mantentzen duen izuaren politika zela. Hamarkadak daramatzate gure herriaren kontra estatu-terrorismoa erabiltzen, eta gaurko atxiloketak horren isla dira.

Auzi honen inguruan esan beharreko guztia esanda dagoela uste dugu, guardia zibilen jarrerarekin hasiz eta berez nahiko zitalak diren arau juridiko guztiak hausten dituzten epaileekin bukatuz, politikari eta komunikabide ezberdinak ahaztu gabe.

Guk, ideia guztien artean, borrokarena azpimarratu nahi dugu. Faxismoari eta zapalkuntzari aurre egiteagatik mantentzen dute Euskal Herria errepresio iraunkor baten azpian, askapen soziala eta nazionalaren aldeko borroka bertan behera utz dezagun bilatzen dute honen bidez, otzan eta desantolatuta nahi gaituzte. Horregatik, gure mugimenduak herriari borrokarako eta antolakuntzarako deia egin nahi dio berriz ere, independentzia eta sozialismoa eskuratzen ditugun arte, indar okupatzaileak Euskal Herritik botatzen ditugun arte.

Euskal Herria, 2018ko ekainaren 5a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.