Aldamarreko lokalaren desalojoaren aurrean

Or, 2018/07/06 - 23:46 argitaratua

Donostiako Aldamarreko lokal okupatuaren desalojoaren aurrean, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak honakoa adierazi nahi du:

Gure babes osoa adierazi nahi diegu proiektu honetan murgilduta dauden gazte guztiei, are gehiago Espainiako Polizia Autonomikoaren kolpeak eta, kasu batean, atxiloketa ere pairatu eta gero.

Aldamar kaleko lokal hau Altuna y Uria enpresak (Abiadura Handiko Trenaren eraikuntzan inplikatuta), Aldamar Berri enpresarekin batera eskuratu du etxebizitzekin espekulatzen jarraitzeko. Sistema honetan ohikoa den moduan, PSEren udala, bere polizia eta PNVren zipaioak jendearen beharrizan oinarrizkoenekin negozio egiten dutenen alde eta gazteriaren eskubideen alde lan egiten dutenen kontra.

Gure mugimenduak sistema kapitalistak herriari lapurtutako espazioak berreskuratzen dituzten gazteen jarrera txalotu nahi du. Espekulatzaileen jarduera higuingarria agerian uzteaz gain balore iraultzaileak transmititzen dizkigute guztioi, hala nola elkartasuna, eskuzabaltasuna, antifaxismoa, antolakuntzaren balioa, auzolanarena, kontsumismotik at dagoen aisialdia, feminismoa, euskararen defentsa eta abar luze bat.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren lan esparrua ez den arren, gazteria animatu nahi dugu horrelako proiektuetan engaiatzen, eta hain gazte ez direnei, hauen jarduera babesten, gazte mugimendu desobediente eta indartsua bat izateak eta herri osoaren mesederako liberatzen dituzten espazioak areagotzeak herri mugimendu osoari egingo baitio onura.

Euskal Herria, 2018ko uztailaren 6a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.