Aberri Eguna 2020


Agiria Ig, 2020/04/12 - 01:38 argitaratua

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak Euskal Herriaren independentzia aldarrikatu nahi du gaurko Aberri Egunean, urte osoan zehar egiten duen bezala. Bi Estatuk zapaldutako herria da gurea. Espainiako eta Frantziako Estatuek inposatutako muga artifizialak badauka beste ondorio larri bat: euskara desagerraraztearekin batera, bi hizkuntza ezberdin ezartzen dizkigute alde bietako euskal herritarren arteko ezin ulertzea bultzatzeko, eta bi kultura arrotz ezberdinen inposizioaren bidez Euskal Herriaren asimilazioa bilatzen dute.

Soilik independentziak, soilik estatu propioa edukitzeak, berma dezake gure herriaren biziraupena. Bestalde, benetako independentzia lortzeko ez da nahikoa estatu propioa edukitzea baldin eta estatu hori inperialismoaren morroia baldin bada. Ez dugu nahi munduko oligarkiak gidatutako erabakien menpe dagoen estatua. Ez dugu nahi beste herri batzuk zanpatzen dituen estatu bat. Ez dugu nahi gutxi batzuen interes ekonomikoen mesedetan herria miseriara kondenatzen duen estatu bat, Euskal Herri independente eta sozialista baizik.

Gaurkoa bezalako egun batean ezin ditugu ahaztu Euskal Herriaren independentzia eta sozialismoaren alde borroka egiteagatik oraindik kartzelan, deportazioan edo erbestean dauden militante politikoak, ezta borroka horretan eroritako gudariak ere. Jarrai dezagun helburu hauen alde lanean. Independentzia, sozialismoa eta amnistia!

Euskal Herria, 2020ko apirilaren 12a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.