Sakanako taldea: Jose Inazio Erdozia "Axio" gudariaren irudiaren erabileraren inguruan

Az, 2019/10/16 - 20:27 argitaratua

Emozioei dagozkien zenbait parametro baldintzatzeak, bestelakoan pentsaezinak diren ondorioak nola lor ditzakeen ikusten ari gara. Baina horrela ere lortzen ez denean, sentsibilitate eta enpatia faltak sentimendu aztarnarik txikiena ere suntsitzen du, alde gizatiarra erabat estaliz zerbitzatzen den estrategiaren mesedetan. 

Oraingoan, Axioren familiak Sorturi haien senidearen irudia eta izena erabiltzerik ukatu izanak ekarri du familiarenganako erasoa eta hori aipatu alderdiaren jarrera totalitarioaren isla baino ez da. Senidearen hutsunea egunero-egunero, eta ez soilik data zehatz batzuetan, haragietan iltzaturik daukan familiak sentitzen duena, hutsal bihurtu nahi izan dute. 

Axio, poliziarekin 1979an izandako zoritxarreko enkontru batean hildako etakidea zen eta Sortuk edo horren kide politikoek bere irudia erabiltzeak, bakarrik errelatoaz baliatu eta nahastea bilatzen du. 

Helburua etekin politikoa ateratzea da, bere estrategiaren markagailuan aldeko kintzea lortu. Estrategia horrekin herriaren ordezkaritza osoa bereganatu nahi dute, disidentzia bezala behin eta berriz kalifikatzen dutena demonizatu eta ezadostasunik txikiena ere baztertu eta ezereztatu. 

Axio eta bere kideak, sakrifizioa eta erabakiak izan ziren haien baitan zeuden bitartean eta, aukeratu ahal izan zuten bitartean, utzi zutena dira. Zirena izaten jarraitzen dute, ez zirelako beste modu batean agertu eta, horregatik, bizi izan ziren koherentziarenganako errespetua zor diegu. 

Sortuk etakide baten familiarekin izandako ika-mikak agerian utzi du, edozein kontsiderazio moralaren gainetik, alderdiak bere inkoherentziarik gordinena aplikatzen duela. Egoeraren arabera, militantziagatik barkamena eska dezake eta, hurrengoan, aldiz, militantzia bera goraipatu. Inkoherentzia horren gurpil zoroan, ezin die omenaldirik eskaini eroritako militanteei, baina bai errespetua erakutsi horien biktimatzat hartzen dituenei. 

Horrela, familiakoen arteko harremana gaiztotzen saiatuta, duela bi urteko Axioren irudia erabiltzeko debekuaren gainetik, oraingo inposaketara pasatu da. Horretarako, jarraibideak moldatu eta behar den norabidea hartzen da. Hori ez da jarrera demokratikoa, ez negoziatzailea eta, azkenean, gaizki egindakoak, ordaindu egiten dira. 

Egun hauetakoa, zuen noraeza onartzen ez dutenenganako eraso emozionala izan da eta ez litzateke berriz gertatu behar. Zuetako batzuk okertzen ari zarete. 

Ez dago jakiterik Axio, egun, non egongo litzatekeen, ezta Sortuko kartel horretan egoterik nahi izango lukeen, baina zalantzarik ez borrokan bizia galdu zuenean zein zen bere bidea jakiteko. Eta horretara gaude aspaldian, zuen bidearekin bat ez datorrelako. Ez azalean, ez sakonean. 

Irudikatzen duzue zuen burua ateo izanik, hil eta gero, kidegoko batzuk sinistun bihurtu eta ospakizun erlijiosoa egitea zuen oroimenean? 

Horretan zaudete baina, azken finean bost axola zaizuelako militantea. Ez da maitatzea, ez errespetatzea inor, bere ideiak baztertu eta zenbaki huts baten moduan hartzen denean. 

Beste argazki bat pankartan. Jartzea baizik eskatzen ez duen horietakoa, leku egokia bilatzen arazorik ere sortzen ez duena. Nola aldatu diren gauzak! Lehen ez ziguten uzten, orain ez diguzue uzten! 

Ez duzue familiaren eskaera errespetatu, pankartan argazkia jarri zenuten, egun osoan behin eta berriz ezetz esan arren; beste familia batzuk bezala borrokan hil zirenen sakrifizioa gutxietsiz, damuketaren ildoa jasan behar izan ondoren. Axioren oroimenak eta familiarenak ere, ez dute bat egiten ukazio horrekin. 

Galtzaile moduan ikusten dituen sistema zerbitzatu eta txalotu, horixe egiten dute praktikan eta gu ezin gara ados egon. Ezer ere ez lortzeko, guztia saldu dutelako kearen truke. Eta ke horren artean, pixka batzuen interesak gorderik. Balio eskasa herri honen oinazeari aitortzen zaiona! 

Lau haizetara aldarrikatzen duzuen iraultzaren kontzientziak, egia izan behar du beti ipar eta familia bati “ez dut zertan baimenik eskatu” esaten zaionean, ezin dira ardurak saihestu egoera loratuz. Errespetua izan behar da erantzuna eta ez inposizioa. 

Esan zitzaizuen bezala, nahi duzuenean eztabaidatzeko prest gaituzue ageri-agerian. Horixe da herri honek onar dezakeen joko politiko bakarra. Errespetuz eta gezurrik gabe. 

Axio 26 urterekin joan zitzaigun, baina borrokarekiko koherentzia eta jendearekiko elkartasuna utzi zizkigun. Utzi dagoenean, zuek urrundu baitzarete. Ez bultzatu beste inor, bere kabuz joatea aukeratzerik ez badu. Ez da zilegi, ezta morala ere.

Sakana, 2019ko urriaren 16a.

Sakanako Amnistiaren Aldeko Mugimendua.