Prentsaurrekoa: amnistiaren aldeko manifestazioa nazionala, azaroaren 30ean Bilbon


Egoeraren irakurketa egin eta "Borrokatzea zilegi delako" kanpainaren arrazioak azaldu dituzte (Agiria eta bideoa) La, 2019/10/19 - 13:03 argitaratua

Bideoa ikusteko sakatu hemen.

       Prentsaurreko honen bitartez, egungo egoera errepresiboaren gaineko irakurketa plazaratzea eta gure ildo politikoaren inguruko xehetasunak ematea dugu xede.

       Espainiako eta Frantziako Estatuek haien jarreraren adibide argiak utzi dizkigute azken asteetan, Audientzia Nazionalak ETAko bost militanteri ezarritako zigorretatik, Parisko Zigor Aplikazioen Gelak Lorentxa Beyrie eta Xixtor Haranbururi mantentzen dien bizi osorako zigorretaraino; Altsasutik Kataluniaraino; metalgintzako langileen kontrako poliziaren oldarraldietatik, Legutioko bi gazteren atxiloketaraino; Kataluniaren alde Euskal Herrian mobilizatzeagatik atxilotutakoetatik, Maravillas Gaztetxeko 22 auzipetuenganaino.  Gure mugimenduak irmoki salatzen du Estatuen jarduera errepresiboa eta elkartasuna adierazi nahi die errepresio hori pairatzen duten pertsona guztiei.

       Era berean, berriz ere zenbait presori haien izaera politikoa lapurtzeko saiakera salatu nahi dugu, eta esan beharra dugu ez dugula inolaz ere onartzen sektore progre eta sozialdemokratetatik “preso politikoaren” kontzeptuari buruz egiten ari diren definizioa. Ez dugu onartzen borroka moldearen araberako inolako bazterketarik.

       Zuzentasun politikoan bizi direnen konplexuak eta interes partikularrak dira preso politikoen arteko desberdintasunen beharra sortzen dituztenak. Argudio errazak behar dituzte, landu gabekoak. Horregatik ezarritako  status quo-aren arabera sozialki onartzeko errazak diren kausek izaten dute arrakasta gehien hau termino kuantitatiboetan neurtzen dugunean, ez ordea termino kualitatiboetan. Politika marketin bilakatuta.

       Batzuek pairatzen dituzten injustiziak salatzeko orduan egoera berean dauden beste batzuek pairatzen dituztenak finkatu beharra baldin badaukagu, orduan epe laburreko estrategia kaltegarria burutzen ariko gara.

       Gogora ekarri nahi dugu preso bat politiko bihurtzen duena ez dela biolentzia erabili ez izana, baizik eta askatasun kolektiboen defentsa aktiboa egiteagatik kartzelan egoteak, batez ere haien izaera politikoari uko egin ez badio eta bere ibilbidearekin gainontzeko presoen bizi baldintzei kalterik ez badie eragiten.

            Ildo politikoaren xehetasunetan sartuz, gure mugimenduarentzat errepresaliatu politikoen existentziaren aldarrikapenaren bitartez gatazkaren izaera politikoa defendatzea izan da lehentasuna lehenengo egunetik, eta amnistiaren aldarrikapenari borrokaren zilegitasunaren defentsa batu nahi izan diogu orain.

            Kontziente gara denbora aurrera doala, eta aurreko borroka zikloa ixtearekin batera borroka esparru berriak sortzen ari direla. Edozein kasutan, argi ikusten dugu borroka grina hori dela belaunaldi ezberdinek amankomunean daukatena, eta amnistiaren aldarrikapena dela batzuen eta besteen arteko hari loteslea. 

            Aurreko zikloaren ondorioz oraindik hamarkadetako kartzela zigorrak egiteke dituzten presoak daude, eta gaurko eta etorkizuneko borroken ondorioz preso berriak sortuko dira, eta sortzen ari dira ere. Amnistiak, beraz, ezinbesteko aldarrikapena izaten jarraituko du datozen hamarkadetan. Hori dela eta, amnistiaren aldarrikapena egiteko orduan borroka ardatz gisa ezartzea erabaki dugu. Herri otzana bilakatu nahi gaituzten honetan, herri borrokalaria bultzatzea dugu xede askatasun nazionala eta soziala erdiesteko bidean.

            Jarrera honen inflexio puntua markatu nahi dugu azaroaren 30ean,eta egun horretan manifestazio nazionala burutuko dugu 18:30etik aurrera, “Borrokatzea zilegi delako, amnistia osoa!” lelopean.

            Bukatzeko eta elkartasun internazionalistari helduz, gaur Madrilen amnistiaren alde burutuko duten manifestazioa egiteko dinamika txalotu eta Kataluniako herri langile borrokalariari gure animoak eta elkartasun osoa helarazi nahi dizkiegu. Borrokatzea zilegi da! Jo ta ke irabazi arte!

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.

Manifestazioaren kartela