Amnistiaren aldeko manifestazioa Bilboko Aste Nagusian, abuztuaren 24an


"Borroka egitea zilegi da, amnistia osoa!" izango da leloa La, 2019/07/27 - 19:33 argitaratua

Azken hamarkadan Euskal Herria asimilazio prozesu larrian murgilduta dago. Euskal Nazio Askapenerako Mugimendua desegitearekin batera (eta ondorioz) pasatu gara erresistentzia fase batetik asimilazio fase honetara. Borrokak gatazkari izaera politikoa ematen dion modu berean, borroka fronterik ez egoteak despolitizazioa errazten du, eta despolitizazioak asimilazioa.

Kontrako norabidean ematen den fenomenoa ere bada aipatzen dugun hau, herri asimilatuetan kontzientzia politikoa berpiztea askoz zailagoa delako eta, aldi berean, kontzientzia politikorik gabe ez dagoelako askatasuna lortzeko borrokarik. Herri eta klase zapalduaren kontzientzia hartzeak, militantzia politikoak (borrokarako bitartekoak sortzea) eta borrokak elkar elikatzen duten hirukia osatzen dute, zeinaren erpinek elkar elikatzen duten, eta Estatu okupatzaileek, horretaz jakitun eta borroka frontea ahulduta, gatazkaren despolitizazioan buru-belarri murgilduta daude orain.

Gure mugimenduarentzat, errepresaliatu politikoen existentziaren aldarrikapenaren bitartez gatazkaren izaera politikoa defendatzea izan da lehentasuna lehenengo egunetik, eta orain borrokaren zilegitasunaren defentsa batu nahi izan diogu amnistiaren aldarrikapenari. Eskubidea eta beharra da borroka biziraun nahi duen herri ororentzat, eskubidea eta betebeharra da borroka morrontzan bizitzea onartzen ez duen langile klasearentzat.

Kontziente gara denbora aurrera doala, eta aurreko borroka zikloa ixtearekin batera borroka esparru berriak sortzen ari direla. Edozein kasutan, argi ikusten dugu borroka grina hori dela belaunaldi ezberdinek amankomunean daukatena, eta amnistiaren aldarrikapena dela batzuen eta besteen arteko hari loteslea. Iraganeko borrokaren duintasunetik abiatuta, gaurko eta biharko borrokak elikatu.

Aurreko zikloaren ondorioz oraindik hamarkadetako kartzela zigorrak egiteke dituzten presoak daude, eta gaurko eta etorkizuneko borroken ondorioz preso berriak sortuko dira ere. Amnistiak, beraz, ezinbesteko aldarrikapena izaten jarraituko du datozen hamarkadetan. Hori dela eta, amnistiaren aldarrikapena egiteko orduan borroka ardatz gisa ezartzea erabaki dugu. Herri otzana bilakatu nahi gaituzten honetan, herri borrokalaria bultzatzea dugu xede askatasun nazionala eta soziala erdiesteko bidean.

Horregatik, manifestazioa deitu dugu “Borroka egitea zilegi da, amnistia osoa!” lelopean abuztuaren 24rako, Bilboko Aste Nagusiaren baitan, 19:30ean Zabalburu plazatik abiatuko delarik. Euskal Herriari bertan parte hartzeko deia luzatzen diogu.

Euskal Herria, 2019ko uztailaren 27a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.

Manifestazioaren kartela